XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bartzelonako Olinpiadak prestatzeko dirutza handiak gastatu dira eliteko kirolariekin, baina oinarrian, eskolako kirolean, ez da lanik egin.

Ikuspegi elitista horren kontra honako ideia hau jarri behar da praktikan: haur edo gazte guztiek kirol guztiak egin behar dituzte.

Ikaspilotaren boom-a Gipuzkoan

KIROLA denen esku jartzeko azken urteotan ahaleginik handiena egin duen proiektua Ikaspilota da.

Oso denbora gutxian Gipuzkoa osoko ikastetxe erdietan sartzea lortu da eta aurten Bizkaiko ikastoletan hasi da esperientzia.

Oso denbora gutxian Gipuzkoako 135 ikastetxe sartu dira programa honetan.

Horrek 25.000 haurrek pilotarekin jolas egiten ikasiko dutela esan nahi du.

Programa honek arrakasta izan badu atzean duen filosofiagatik izan da.

Nolabait haur guztiak bilakatzen ditu pilotari eta programaturik ditugun joko eta ariketetan haur guztiek hartzen dute parte.

Nolabait deportearen ikuspegi elitistaren aurka abiatu gara, pilotaren munduan ikuspegi hori oso presente dagoelako eta horregatik izan dugu erantzun hau.

Dena den egoera konplexua da, ikastetxe batzuetan hezketa fisikoaren arduradunak darama programa eta beste batzuetan eskolaz kanpo erabilten dute Pilota Eskolak sortuz.

Neretzako oinarrizkoa eskola barruko programazioan sartzea da, haur guztiek minimo batzuk har ditzaten, esaten du Joxean Unsainek, proiektu handi horren Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko arduradunak.

Oraintsu atera dute Michel Poueyts eta Joxean Unsainek Euskal Pilotarako Urratsak liburua eta horretan ikus daiteke inon baino hobeto filosofia berri hau, ariketa guztietan elementu korrektorea sartzen baitituzte lehia gehiegizkoa izan ez dadin eta kirolari eskasek ere kirola egin dezaten.

Nik uste dut helburua oso garbia dela: haur guztiek egin behar dute kirola eta haur guztiek kirol guztiak egin behar dituzte, dio Unsainek.

Bizkaian estreinaldia

Hala ere, piska bat hurbiletik begiratuz gero, garbi dago eskola orduetan ez dela kirol askorik egiten.

Tamalez eskola orduetatik kanpo antolatzen da kirola.

Lurraldeka Aldundiak dira kirol egutegiak antolatzen dituztenak eta herri bakoitzean kirol ezberdinetan txapelketa desberdinak eratzeko instalakuntzak uzten dituena.

Aldundiaren antolakuntzak baditu akats batzuk nabariak: euskararen erabilpenari ez dio begiratzen eta gainera kirol batzuk programatik uzten ditu.

Ikastolen elkartearen barruan batzorde bat osatu genuen guk gure aldetik ere programaketa bat egiteko.

Aldundiak antolatzen dituen kirolez gainera guk, guraso talde batekin, futbitoa eta krossa eratzen ditugu, nesken lehiaketa bat sortu da saskibaloian eta aurten lehen aldiz pilota ere sartu dugu.

Txapelketa horietan hogei bat ikastolak hartzen dute parte eta euskararen erabilpena ziurtatzen dugu, esan zuen Mikel Azanzak, Bizkaiko Ikastolen Elkartekoak.